XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurtzea merezi duen liburua

Nik aurkeztu beharrik ez duen Martin Ugalde idazle oparoak, El problema vasco y su profunda raiz político-cultural, liburua argitaratu zuen Gipuzkoako Aurrezki-Kutxa Probintzialaren argitarapenen barnean 1980an.

Ez dut zalantzarik noski, garai hartan kritika egokiak idatziko zirenaz, baina nire eskuetan (nire irakurketa-ahalmenaren arabera) sei urte geroago jarri denean beronek orohar eskaini didan sendotasun eta bulkada nabaitu ondoren, zilegi bekit inongo kritika formalik egiteko asmorik gabe, neure eritzia plazaratzea.

Azalari heltzeko, diodan liburua españolez idatzita dagoela euskaldunon zoritxarrerako eta berak defendatu nahi duen tesiaren kontraesanerako, baina aldi berean eta kontrara, oso ondo dago horrela vasco ez-euskaldunen adimenak jorratzeko eta are hobeto oraindik espainiarrei eta espainiartzaleei merezi dutena Roman Paladinoan errazki eta aitzakiarik gabe ulertzeko moduan muturreratzeko.

Liburuak beraz, hiru irakurlego-mota izan ditzake eta bakoitzak bere mezua jaso beharko luke.

Lehenik euskaldun abertzaleok eta espainieraz izan arren (bestalde datu gehienak hala bildutakoak dira), askotan irudimen, susmo eta uste hutsez horrelatsu direla edo eta izan direla edo izan zitezkeela somatzen ditugun gauza eta gertaeren finkamendurako behar ditugun datu ugari eta baliotsuak jaso behar ditugu eta horrexegatik bakarrik ere, merezi du irakurtzea.

Bestalde, geure Historian zehar, adarra BETI nola jo zaigun eta zein armen bidez ere, argi eta garbi adierazten digu Martin trebeak.

Agian, azkeneko kapituluetan itxaropen-printza batzu agertzen ditu (ez ahaztu 1979an amaitu zuela idazketa; gaur balitz beharbada, beste idazkera bat emango lieke Martin Ugalde argiak kapitulu horiei).

Gaur egun ere, mekanismo berberekin JOTZEN ZAIGU ADARRA eta hori ikusteko ere, merezi du irakurtzea liburu honek.

Laburbilduz beraz, abertzaleok behar ditugun datuak izan ditzagun eta bibliografiaren berri jakin dezagun, liburua irakurri beharra daukagu.

Bigarren irakurle-mota, Euskal Herriko vasco ez-euskalduna izan behar luke, herri honen muina non eta zertan dagoen argi eta garbi jakin dezan eta xalokeriak, kontsumokeriak nahiz bizi ez dituen sentimendu arrazakoiak (kanpora irtetzean eta...) nabarmentzeari uko egin eta benetako sustraiei behingoz hel diezaien liburua irakurri egin behar luke.

Hirugarrenik berriz, Euskal Herrian bizirik, espainiartasunaren jokoa egiten jarraitzen dutenentzat eta Espainiar inperialista guztientzat ere, oso aproposa da liburua eta euskaldunoi ¿Qué quereis los vascos? galdetzen diguten bakoitzean, liburu horren ale bat oparitu behar genieke aho bete hortzekin uzteko (azken finean 500 pta. balio ditu).

Liburu hori Espainian eta Frantzian asko irakurriz gero, beharbada errespeto hoberik izango genuke edo eta gure ekintzak zergatik gertatzen diren galdetzen hasteko arrazoirik ez lukete izango behintzat....

Azkenik eta laburpen gisa edo... botere-mota orotan sartutako pertsonaia guztientzat bederen oso egokia da liburu hau.

Gobernari, Politikari, Elizgizon, Gotzain, Kardinale, Alkate, Diputatu eta gisakoentzako alegia.

Lelokeria gutxiago esan eta arazoei adarretatik heltzera ala kargua uztera bultzatuko lituzke bederen: batzu-batzu...

Amaitzeko, ez dakit jadanik egin duen ala ez, baina Aurrezki-Kutxa Probintzialari, Euskal Herriko familia guztietan ale bat sartzen saia dadila erregutuko nioke eta Confederación Española de Cajas de Ahorro delakoaren bidez, Espainian ere milioi bat ale zabal ditzala.

Beharbada Euskal Herritik eskain daitekeen oparirik bikainena da.

MURUMENDI.